Haurrentzako sormen tailerretik argazkilaritza laborategian sartu gara. Leku horretan gertatzen den guztia berezi, bakarra eta magiko bihurtzen da.

Laborategiko argi gorriari esker, argazkilariek erdi iluntasunean lan egin dezakete paper fotosentikorrik lainotu gabe. Baina... zer gertatzen da argi horren sorginkeriapean marrazten dugunean?

Txikienek, 4 eta 5 urtekoek, errotulagailu gorri eta beltzekin egin dituzte beren sorkuntzak argi betean, baina behin laborategian sartuta eta koloretako argiari esker, marra gorriak desagertu dira eta irudiak ikusezin bihurtu dira.

"Itsu" marraztea zirraragarria izan da. Laborategiko argia eta kolore gorriak erabiliz ezinezkoa da lerroa ikustea eta, beraz, marrazkiaren kontrola galtzen da, irudi espontaneoago eta adierazgarriagoei bide emanez.

Jarduera bezain dibertigarria haurren harridura aurpegiak izan dira!